Joom!Fish config error: Default language is inactive!
 
Please check configuration, try to use first active language

Amable Ariasen Biografia
Amable
There are no translations available.

AMABLE ARIASen BIOGRAFIA

1927an jaio zen Bembibre del Bierzon (León). 1936an, Gerra Zibila hasi eta denbora gutxira, Amablek istripu larria izan zuen. Geltokian jolasten ari zela, baztertutako trenbide batean zegoen bagoi batek horma baten aurka zapaldu zuen. Bost urtetan zehar hamalau ebakuntza mingarri jasan behar izan zituen. Urte hauek herrentasuna eragin zioten, eta horregatik, berriro mugitzeko gai izan zenean, makuluak erabili behar izan zituen bere bizitza osoan zehar.

1942ean familia Donostiara aldatu zen. Goibeltasunez betetako itxitasun urteak izan ziren, non Amablek ez zuen hezkuntzarik jaso. Aitak maiz tratu txarra ematen zion amari eta, azkenean, alde egin eta bakarrik utzi zituen. Aringarria izan zen berarekin edozein erlazio moztea. Familiak zailtasun handiz biziraun zuen eta, penizilina estraperloz lorturik, Amableren hobekuntza nabarmena izan zen.

Urte askoren ostean hasi zen berriro etxetik irteten eta Martiarenaren estudioan noizbehinkako marrazketa eskolak jaso zituen. Irakaskuntza horrek ez zuten ia eraginik izan beregan, baina bere zaletasun piktorikoa atzera bota ezin den erabakia bihurtu zen.

Bere kultura ezaz jabetuz, bere hezkuntza artistikoaren gabezia gainditzeko beste baliabideetan oinarritutako estrategia burutsua hartu zuen helburu. Goizak irakurtzen ematen zituen Udal Liburutegian eta arratsaldetan, Antzoki Zaharreko arropazaindegian lan egiten zuela, liburutegiaren gertutasuna aprobetxatuz, saioen hasiera eta bukaera bitarteko tarteetan bertara itzultzen zen. Inolako hautaketa zehaztasunik gabe ezagunak suertatzen zitzaizkion autoreak aukeratzen zituen, edo haien fisionomiagatik erakargarriagoak iruditzen zitzaizkionak. Ia hogeita bost urterekin bat-batean komikien mundutik filosofia, zientzia eta literaturaren munduan sartu zen.

1956an bere lehen olio-pinturak egin zituen. Bembibreko paisaiak dira, eta bertan aditzera ematen da jada bere pinturan iraunkor izango den grafismoen indarra.

Bere lehen bakarkako erakusketarako, 1958an Donostiako Aranaz Darrás aretoan, hiru Kristo handi eta bikain egin zituen. Nahiz eta Katolizismo ia fanatiko batean hezita izan, ordurako ideia erlijiosoak guztiz baztertu zituen.

Donostiako Garibay kaleko soto handi bat erabiltzen zuen Amablek estudio gisa, eta bere laguna Rafa Ruiz Balerdi margolariarekin bertan erakusketa kolektibo bat antolatzea erabaki zuen, hiriko ildo “ofizial” zaharkituaren kontrakotasunean. “De los 10” izenburupean, jarraibidea eman zion geroago garatuko zen “Grupo Gaur” taldeari.

Gero eta polemikoagoa bere jarrera erreboltariagatik, 1963ko bere “Espacios Vacíos” erakusketak Udaletxeko aretoetan hiriko giroa bere onetik atera zuen, eta alkateak etorkizunean horrelako agerraldiak debekatu zituen. Artista “arraro” eta ez oso bakegilearen mitoa handitzen jarraitu zuen. Amablek Bierzoko paisaiak margotzen jarraitu zuen. Lurrarekin zuen identifikazio sakonetik abstrakziora gero eta gehiago gerturatzen ari zen interpretazio soil bat jaio zen; baina erretratuak, beti presente bere lanean, figuraziotik askatzea galerazten dio.

Ezin da isilean gorde emakumeak Amableren bizitzan izan zuen garrantzia. Bai bere testigantza pertsonalek, bai bere lan plastiko eta idazlanetan, emakumezkoen munduak izan zuen oihartzunak ezaugarri psikologiko hau berresten dute. Baliteke aitaren irudi deitoragarriak bere emakumeenganako jarreran eragina izatea, baina borondate pertsonal baten emaitza dela dirudi gehiago.

Emakumeenganako erakarpena elkarrenganakoa zen, zeren, nahiz eta estereotipo maskulinotik hain aldenduta egon bere pentsaera, fisiko eta jarreragatik, erakargarritasun ahalmen handia zuen. Bere lagun eta margolari Sistiagarekin izandako elkarrizketetatik, instituzioen laguntza gabezia eta irizpide ezaren kritika, beraien desadostasuna azaltzea bururatu zitzaien, gipuzkoar artistak bilduko zituen tendentzia abstraktuko erakusketa bat antolatuz. Oteizaren partehartzeak asmo handiko ikuspegi bat eman zion eta eragina izan zuen Gipuzkoan “Grupo Gaur”en sorrerari, Basterretxea, Ruiz Balerdi, Sistiaga, Zumeta eta Amable margolariek eta Oteiza, Chillida eta Mendiburu eskultoreek osatzen zutena.

1964an Madrileko Neblí galerian erakusketa bat egin zuen, eta 1965an Pariseko Maeght galerian, eta 1967an Donostiako Barandiaran galerian…

1966-1967 urteetan “atomoaren pintura” edo “tantaren pinturan” kontzentratu zen, pintzelkada txikien bidez materia deskonposatzen duen prozesu erreduktorea.

1970an, bere bikotea izango zen Maru Rizo topatu zuenean, estudio txiki bat alokatu zuen eta bertan bere irudimena askatu zuen, barnean zuen imajinazio eta ideia uharra libre utziz. Ekintza publikoetatik aldendu eta bere lanean kontzentratu zen, bere jardueraren ondorioz ezarri zitzaion margolari gaitzetsiaren estereotipoaren eraginez estamentu ofizialen marjinazioa jasaten zuen bitartean.

Joera abstraktu eta figuratiboak bateratuz, bere koadroak leuntasun, umore eta utopiaz beteriko pertsonaiez josi zituen. Amablerentzako lan artistikoak diziplina guztiak hartzen zituen baitan. Ez zuen olio, lan grafiko, idatzi edo soinuen artean bereizketarik egiten. Metodo ez oso ortodoxoekin ikertu zuen, lasaikerian erortzearen bizioa eragotziz.

Bere azken urteetan, aurretik iragarritako heriotzaren gertutasunagatik eraginda, Amablek jarduera oparoarekin denbora ustiatzeko desio sutsua izan zuen. Garai hartako ia intelektual eta artista aurrerakoi guztiek bezala, Amablek frankismoaren aurkako jarrera zuen, eta bere gogoeta ideologiko eta teorikoak marxismo erradikalaren aldean kokatu zuen. 1984an hil zen, giltzurrunetako disfuntzio batek eragindako koma uremiko baten ondorioz. 55 urte zituen.

Carmen Alonso-Pimentel

 

Amable Arias © · aviso legal · Publica esta página en Facebook  Publica esta página en Twitter feed-image Información

Diseñado por HISPATEK